ITSASOARI BEGIRA
Jon Maia / Benito Lertxundi
Zazpi mendeko gauean gaude
gure loreetan sasi.
Irrintzi, oihu, ele ta ulu
marmario ta garrasi.
Haize, enbata, brisa, galerna...
gaur garbi, bihar nahasi.
Xake-taularen zuri beltzean
arrats gozo, egun gazi.
Ai, itsasorik ez bageneuka,
zeri so negarrez hasi?
Gure zuhaitza landatu dugu
amildegi muturrean.
Adarrak daude ertzetik haruntz
sustraiak, berriz, lurrean.
Bihotz-hesteak estu helduaz
esku baten ahurrean,
bertso berriak jartzera noa
bere indar laburrean,
nola malko bat isuritzen den
itsasoaren aurrean.
Nola haizeak ur azalean
eguzkiaren irteeran,
nola kaioak zorabioan
itsas enbata bezperan,
pentsatzen nago gu ere berdin
ibiltzen ez ote geran.
Susmoa daukat gure
patua itsasoa ez ote dan:
libre ta zabal dugu aurrean,
baina ezin dugu edan.
Heldu herria sustraietatik,
tira eta gora jaso;
jarri Kantauri aurrean eta
mantendu zutik hari so,
ispilu hortan ikus gaitezen
herriz-herri, auzoz-auzo.
Zauriak gatzez itxi ditzagun
malkoak urez eraso...
Sano ta libre irla txiki bat
salbatuko da akaso.
Azken arnasa eman nahi nuke,
eguna hiltzen ari da.
Azken arnasa eman nahi nuke,
bertsoak entzuten dira.
Azken arnasa eman nahi nuke,
kantari nator herrira.
Azken arnasa ematen dugu
eguzkitik eguzkira!
Azken arnasa eman nahi nuke
itsasoari begira.
Azken arnasa ematen dugu
eguzkitik eguzkira!
Azken arnasa eman nahi nuke
itsasoari begira (2).
GIZON ARRUNTAREN KOPLAK
Xabier Lete
Kantatzera noazu
bertso bat edo bi
herenegun jarriak
gizona arruntari.
Antoniyo, Lorentzo
edo Joxe Mari,
gauza ederra denik
ez ukatu neri.
Goizean jeikitzean
lehenbiziko gauza,
ahoa zabaldu eta
janzten ditut galtzak,
muturra garbitzeko
nolako zalantzak!
ezin kendurik nabil
loaren orratzak.
Kafesnia hartuta,
horrekin batera,
ahal baldin badet behintzat
noa komunera:
aurrian papera
ta atzian papera,
periodikua le(i)tuz
ilustratzen gera.
Etxetikan lanera
noa nahiko mantso.
Realak 4-1
galdu zuen atzo,
kalian bi txakur
ta beste hiru atso,
egun on Don Pepito
eta Don Alfontso.
Gauzak gaizki dabiltza,
hau da komeriya,
Afganistan-en gerra
piztu zuten iya,
tokatzen baldin bazait
aurten loteriya
erosiko beharko det
Citroën berriya...
ongi egon omen zan
Tolosan feriya.
Ongi ikasi nuen
gaztetan baltsian,
karterari kontutzen
txamarra galtzian:
Artxandako haiziak
beruak baizian,
ederki egoten zen
ohiaren atzian.
Ni lana egina naiz
semiak hazteko,
haiek eskola ona
xuxen ikasteko,
ikasi eta gero
lanian hasteko,
ez ditezela izan
bazterrak nahasteko.
Semeen semeetatik
baitatoz semiak,
batzuek arrak eta
bestiak emiak,
batzuek lodiyak ta
beste batzuk miak:
horrela jarri zuen
Jaunaren legiak.
Gaurko eguna ere
bota degu, bada.
Gizon okupatua
gauza ederra da.
Asko gustatutzen zait
oiluaren salda,
Mugairen hasten baita
Belateko malda.
Ez naiz ni gizon txarra,
baina, zer arraio,
Fidel Castro izateko
ez bainintzan jaio!
Musian egiten det
makina bat saio,
andriaren onduan
afaldu det iaio,
orain ohera noa,
bihar arte, aio.
Bihar arte... aio!
”BOSTAK ETA LAURENAK” jota
Joseba Ibarra / Oskorri
Bost lagun alkar hartuta
musikak harrapatuta,
holan gozatzen dogu-ta
euskal kantak abestuta.
Za(r)atamon alkartzen gara,
kantu, soinu ta algara,
gaur gabiz aldrebestara…
ardao apur bat atara!
Bostak eta laurenetan
hasten gara gu kantetan,
egun batzutan seiretan
serio gabiz, benetan!
Bat, bi, hiru, lau eta bost,
gu ez gagoz beti ados:
orain soinu, orain ahots,
hor gitarra, hor txistu-hots.
Zaatamon baso ta zelai,
ta txorien kanta alai,
kantuz JOSU, PABLO, UNAI,
JOSE ta JOSEBA be bai.
Bost eta bi dira zazpi
eta bat gehiago zortzi.
Gu hasieran bost ginen,
orain ia bederatzi.
EDURNEk kantu goxoa,
OSCARrek danborrak hautsi!
Zazpi gara, bost eta bi
…eta bat gehiago zortzi:
han, atzean, mahaian, GOROS.
Ea, eskuak erakutsi!
Upo mendian edurre
bota surtara egurre
sikatu ein jat zintzurre
ardaua edanez gero
ai, bihar zelako atxurre!
ai, bihar zelako atxurre
Upo mendian edurre.
GERNIKA
Inazio Eizmendi (Basarri) / Patxi Saiz
Mila bederatziehun eta
hogeita hamazazpia
euskotarrentzat urte beltz ilun
triste ta negargarria.
Hauts bihurturik utzi zutena
Gernika zoragarria.
Euskal erliki maitatuenak
gordetzen zituen herria.
Lai ra ra rai la ra rai ra rai…
Apirileko hilarekin zan,
hogeita seigarrenean,
hain juxtu ere Peri eguna,
astelehen arratsaldean.
Kale-baserri, milaka anai,
gizatasun ederrean
plaza inguruan aurkitzen ziran
lehengo ohitura zaharrean.
Lai ra ra rai la ra rai ra rai…
Ehunka izan ziran etxe jausien
zakarpetan geldituak.
Nork daki zenbat kale gorrian
zeharo erdibituak?
Infernu honetan uzten gaituzte
laguntza gabe galduak.
Oi, euskaldunen min oinazerik
ez du sentitzen munduak.
Lai ra ra rai la ra rai ra rai…
Ez da, ez, alferrikakoa izan
hor isuri den odola.
Pentsa oraindik emaitza ederrak
ematekotan dagola.
Euskal gogoa armez ta indarrez
ezin hil liteke inola.
Gernika erre ziguten baina
zutunik dago arbola.
Lai ra ra rai la ra rai ra rai…
GREZIAKO ITSASONTZIA
Lluís Llach / Xabier Lete
Itsaso gaindik ikusten baduzu
gure gogoa daraman ontzia,
ez zazu pentsa
galduta doanik,
argitzen baitu
goizeko eguzkia.
Hainbeste amets
negar ta desio
ez du ekaitzak ondora botako.
Salbatuko da goizeko ontzia
kaiaren bila hegaka joateko.
Arraun berriek eramango dute
bide zaharretik askatasunera.
Oihal zuriek haizea bildurik
gure arnasa
biltzen den batera.
Ez du ekaitzak ondora botako.
Salbatuko da goizeko ontzia.
MARTIN LARRALDE
Joseba Sarrionaindia / Ruper Ordorika
Larre berdeak, etxe zuri
teila gorriak,
jendarme auto bat bidean
bildots artean pasatzen.
Etxe-elizetan otoitzak,
betiko otoitzak
neguko kearen antzera
leun igotzen.
Martin Larralde
ez da sekula itzuli,
baina itzuli balitz
(arantzak barrurantza itzuliak
lituzkeen sagarroia lez).
Itzuli izan balitz, zer?
Gaur igandea da.
Larre berdeak, etxe zuri
teila gorriak,
jendarme autoa bidean
Bayonne 17 panopetik,
jendea
famili erretratuetan bezala.
Larritasuneraino perfumaturiko
arima erakutsiz doa mezetara.
Inork ere ez du
(dena ohitura, dena errua,
dena barkamena)
oroimenaren korapiloa deslotzen
Inork ez du
(dena ohitura, dena errua,
dena barkamena)
koblakaririk behar…
Martin Larralde
honelako egun batez
hil zen galeretan,
begiak zabalik etzanda,
zerua itsaso zikin bat da
zerua itsaso zikin bat dela esanez,
agian,
zerua itsaso zikin bat dela esanez.
ITSASOA GARA
Ken7
Begiratu atzean
ortzi-mugak sutan
gure begien zerutan.
Begiratu, maitea, amildegi ertzak:
biziak hilak ametsa.
Ez bilatu gauean izar hura
zure begitan piztu da.
Ta ez galdetu inoiz
zer galdu genuen
negar egin genuenean.
Malko haiei esker
orain itsasoa gara
orain itsasoa gara!
Orain hemen gaudela
bidegurutzean
utz ditzagun beldurrak atzean.
Ez gara izan onenak beharbada,
baina gure bizitza izan da.
Mendeetako kanta erditu da,
gure ordua heldu da.
Ta ez galdetu inoiz
zer galdu genuen
negar egin genuenean.
Malko haiei esker
orain itsasoa gara
orain itsasoa gara!
Ta ez galdetu inoiz
zer galdu genuen
gure ametsaren bidean.
Izan garelako
oraindik ere bagara
ta beti izango gara.
Ta ez galdetu inoiz
zer galdu genuen
negar egin genuenean.
Malko haiei esker
orain itsasoa gara
orain itsasoa gara!
MOLINATXO
Tolosako inauterietako
habanera-doinua
BASERRIKO ATE ZABALAK
Walt Whitman / Txomin Artola
Baserriko ate zabalak
irekiak eta prest daude
uztaileko belar-igarrak
mantso doan orga betetzen du.
Nabarra eta berde
nahasi artean argia jostari
eta hango sataian
besatarak pilaka.
Hortxe naiz laguntzen,
organ etzana iritsi naiz,
hanka bat
bestearen gainean nuela.
Dardara gozoak sumatu ditut
orga-hagatik jauziaz,
pagotxa eta alpalpa bildu ditut
itzulka noa, jira-biraka,
eta belar idorra dut
ene bilo nahasietan.
WELCOME TO BEACH
Jon Maia / Gozategi
Itsasoa eta
errepidearen artean dagoen
lur zatian bizi naiz ni.
Itsasoa, lur zatia… ez da gutxi.
Hondarra ondare,
haitza harribitxi
itsasgorak jantzi ta
itsasbeherak erantzi.
Horrela da, ez du inork erabaki.
Ezer eskatu gabe
eskeini didazu gauero ohea,
mendi bularrak heze
ur ezpainak gazi:
nere maitalea.
Ilargiz ilargi,
basati ta birjin,
salneurririk gabe
bizitzeko ederregi zarelako
ezin zara libre bizi.
Erosi zaituzte,
erreza izan da,
egin dezatela orain
beren propaganda:
yateak, golfa
eta ipuin handi hori.
Eta ezpainak margotu
ta dotore jantzi, ta izan barea.
Ta erabakiko dute
noiz igo ta jeitsi
behar den marea.
Ezer eskatu gabe
eskeini didazu gauero ohea,
mendi bularrak heze
ur ezpainak gazi:
nere maitalea.
EPERRA
Herrikoia
Eperrak badititzü
bere bi hegalak
bai eta bürün gainin
kokarda eijer bat.
Zük ere balin bazünü
gaztetarzün eijer bat
neskatilen gogatzeko
bilo holli pollit bat.
Amorosak behar lüke
izan lotsagabe,
gaiaz ebiltia,
ez izan herabe.
Egünaz ebiltia
desohore leike,
txoriak ere oro
haier soz dirade.
Ebili izan nüzü
gaiaz eta beti
eia atzemanen nianez
lili eijer hori.
Azkenian atzaman düt,
oi bena tristeki,
lumarik eijerrena
beitzaio erori.
BRUCIA LA TERRA
Nino Rota
Brucia la luna
n’celu e iu bruciu d’amuri
Focu ca si consuma
comu lu mei cori
L’anima chianci addulurata,
non si da paci,
ma chi mala nuttata.
Lu tempu passa,
ma non agghiorna,
Non c’e mai suli
s’idda non torna…
Brucia la terra
mia e abbrucia lu mei cori
Chi siti d’acqua idda e iu…
siti d’amuri
Allura cantu
la mei canzuni
Si non c’e nuddu
ca s’a affaccia a lu barcuni.
SAN QUIRICO
Jon Maia
Mahatsondo gorriak
ilunabar morez
estaltzen direnean,
ardoa beti beltz.
Erremolke batean
hiru gurpiletan
olibondo artean
joan ginen hizketan.
Kanta dezagun berriz,
Maruzzela, Maruzzela
gau hartan San Quiricon
kantatu gendun bezela.
Gero goazen Andrea
ta Antoniaren etxera
eta kantatzen segi
egunsentiaren zain.
Mozkortu ginen edo
amets bat izan zen?
Zaharrak eta umeak
dantzan ari ziren.
Anarkista zoroa
xirula bat jotzen,
belarra eskuz esku
okela erretzen…
Kanta dezagun berriz,
Maruzzela, Maruzzela
gau hartan San Quiricon
kantatu gendun bezela.
Gero goazen Andrea
ta Antoniaren etxera
eta kantatzen segi
egunsentiaren zain.
ARRATSALDE HONETAN
Sorotan Bele
Itxaroten ari gera
arratsalde honetan
zerbait aurkeztekotan
jende honen aurrean.
Hemendik ateratzeko
kanta berri baten bat,
zuek ez aspertzeko
arratsalde honetan.
Honetan, honetan, honetan...
Lauzpabost akorde jota
gitar(ra) zahar honekin,
dantzatzeko doinua
ez dugu besterik.
Bi laguneko koadrila
izerdi patsetan
nahiko izango dira
arratsalde honetan.
Honetan, honetan, honetan...
Taupadetan dut bihotza,
dirua galtzetan,
dantza egiteko gogoa
daramat zainetan.
Gitar-bibolin doinuak
jarraituz badaukat
dibertitzeko gaia
arratsalde honetan.
Honetan, honetan, honetan...
TXAKURRAREN PARTIA
Txomin Artola
Gu gazte ginadela, txalupa guziak
zakurtxo bat ohi zuten ontzi barrenian;
begi-erne, abila, ez zan zaunkaria,
ihes zihoan arraia harrapatzailia.
Seme, esango dizut nola gertatzen zan
puñittutako arraia suelto... batzuetan
legatzak ospa, ihes, txakurra jauzten zan
ta bet-betan arraia hartzen zun hortzetan.
Lan horren saria “txakurren partia”
deitzen genion guziok, ongi merezia!
Maitea-maitea zan txakur ehiztaria,
txalupa betetzen zun anima gabiak.
Unea etorri da zuri kontatzeko
zer-nolako txakurra zan gure "Txuriko",
auhin izugarriak ez zun izutuko
arraia utzi baino lehenago itoko.
Goiz itsusi batian ez naiz, ez, ahaztuko,
bere lana beteaz jauzi zan "Txuriko",
baga haundi artean ehiza ez utziko!
legatz haundi batekin ito zan betiko.
KANTUZ
Anje Duhalde
Kantuz daramazkit nik gauak
KANTUAREKIN
gozatzen neure penak.
Kantuz kanpotik,
negarrez barrutik,
KANTUAREKIN
ahanzten ditut grinak nik.
Kantuz daramat bizia,
ahanzteko hiltzia.
Neuretzat kantuan dago
fortuna guzia.
Eta kantuz, kantuz,
noa botatuz neure hazia.
Batzuetan triste,
besteetan hasarre
ZUEN AURREAN
kantatzea dut lege.
Nahiz gogorik ez izan,
ZUEN AURREAN
sartu behar dut martxan.
Kantuz daramat bizia,
ahanzteko hiltzia.
Neuretzat kantuan dago
fortuna guzia.
Eta kantuz, kantuz,
noa botatuz neure hazia.
GOGOAREN BAITAN
John Hiatt / Anje Duhalde
Erabaki nuen
tinko ta fermuki
ez zitzaidala gertatuko,
maitasun sareetan
ez nintzela berriz
ustekabean eroriko.
Bi begi izpitsu,
irrifar ezti bat,
izan dira nere galtzaile.
Geroztik hor nabil
arantzetan dantzan,
ezinezko amets sortzaile.
Urrezko txanpon bat
eman gogo nuke
sorgin bat bilaka bane(n)di,
ezina egikor
aldatzeko a(d)ina
gezurra bihurtzeko egi.
Zer den ona edo
zer ote den txarra
jakin beharko nukeelarik.
Sumendi gainean
erretzen ari naiz.
Ba al dago irtenbiderik ?
Zu hor zaude,
dantzan, jauzitan.
Zer de(a)bru, bada,
pasatzen zait
gogoaren baitan?
Geroak zer dakar?
Ez dut pentsatu nahi,
uneak nahi ditut bizi.
Lau egun dira ta
bi, omen, lainotsu;
galtzera ez ditut nahi utzi.
Hitzaren jokoan,
itxura emanez,
gorde nahiko nuke dena.
Biluzia nauzu
izan zarelako,
egoera honen sormena.
Erabaki nuen
tinko ta fermuki
ez zitzaidala gertatuko,
maitasun sareetan
ez nintzela berriz
uste gabean eroriko.
Bi begi izpitsu,
irrifar ezti bat,
izan dira nere galtzaile.
Geroztik hor nabil
arantzetan dantzan,
ezinezko amets sortzaile.
ZU HOR ZAUDE,
DANTZAN, JAUZITAN.
ZER DE(a)BRU, BADA,
PASATZEN ZAIT
GOGOAREN BAITAN? (2 aldiz)
ARRIVEDERCI, MIRENTXU
Frankie y los Matadores /
Irune eta Andoni Argoitia anai-arrebak
Arrivederci, Mirentxu,
itsasora joan behar degu.
Zurekin gogoratutzen
egongo naiz gau ta egun.
Bazenki zenbateraino
bihotz honek maite zaitun!
Zu barik ezin naiz bizi,
Arrivederci, Mirentxu.
Zure irudi laztana
egunez ta gauean
ikusten bizi naiz ni
urruti nagonian.
Kai(e)ra natorrenian,
maitia, sinistu zazu,
pozarren zu ikusteko,
Arrivederci, Mirentxu.